Lauhilekoa amaitzear dago eta ikasgaia hasi genuen bezala amaituko dugu: hausnarketak eginez. Oraingoan gure burua ebaluatzeko hausnarketa egin behar dugu. Horrelako ariketak egitea izugarri kostatzen zaidala esan behar dut, lehen hausnarketak egiterakoan azalean geratzen nintzen, ez nuen gaietan sakontzen; gainera, ideia asko nituen eta horiek guztiak era ordenatuan jartzea oso zaila zen niretzat. Irakasle Funtzioa ikasgaiak hausnarketetan hobetzen lagundu didala uste dut; oraindik asko hobetu behar dut, baina bidean nagoela uste dut.
Egokitu zitzaigun lehen ariketa hausnarketa bat izan zen; "Umeak nola ikasten duten" dokumentala ikusi ondoren, zergatik magisteritzan sartzea hautatu genuen hausnartu behar genuen. Ondoren Etre et avoir filma ikusi genuen, asko gustatu zitzaidan. Bertan ikastola txiki bateko errutina azaltzen zen, bere arazoekin eta bere gauza politekin. Aurrerago "La educación prohibida" dokumentala ikusi genuen; honek hezkuntzaren egoeraz pentsatzera eraman gintuen, izan ere, gaur egungo sistemak ez ditu umeak motibatzen. Fabrika modukoak dira, non ikasleak ikastolara doaz gaiak ikastera, buruz, ikasgai asko ulertu barik. Honi buruz beste hausnarketa egin behar izan genuen; kasu honetan ideia asko nituen baina betiko arazoa guztiak ordenatzea eta modu egokian azaltzea zen, edonork ulertzeko moduan. Rosenthal-en artikuluari buruz beste hausnauketa egin genuen; hau ere nahiko artikulu kuriosoa zen, soziologian ikusitako "ezkutuko kurrikulumarekin" zerikusia dauka: irakasleak, modu inkontzientean, desberdin tratatzen ditu azkarrak eta hain azkarrak ez direnak. Interesgarria benetan, eta etorkizunean horrelakoetan ez jauztea espero dut.
Aurrean azaldutako guztiak banakako hausnarketak izan ziren, baina hauekin bukatzeko beste bat falta zait: irakasleari elkarrizketa. Oso esperientzia polita izan zen. Nire kasuan lanean egon nintzeneko irakasle bati elkarrizketa egin nion, tipo oso jatorra, umeak motibatzen saiatzen dena, gure hezkuntza sistema uzten dion arte, berak dioen moduen hezkuntza sistemak motibazioa ez du batere sustatzen. Elkarrizketa egitea, esan bezala, asko gustatu zitzaidan; ez zitzaidana batere gustatu, aldiz, azalpen testua egitea izan zen. Elkarrizketari buruzko hausnarketa egin behar izan bagenu erraza izango litzateke, baina Komunikazio ikasgaiarekin bat egin behar izan genuenez oso zaila izan zen, Iñaki ulertzea nahiko zaila delako, eskatzen duena ulertzea izugarri kostatzen da. Honekin ere mapa kontzeptual bat egin behar izan genuen, kasu honetan taldeka. Asko kostatu zitzaigun egitea honetan oso trebeak ez baikara, baina, hala ere, egiten saiatu ginen, ahalik eta hoberen.
Hausnarketekin amaituta, orain boluntario izateko esperientzia labur azalduko dut. Aranbizkarra eskolatik unibertsitatera boluntario eske etorri ziren. Hasieratik ez nuen inolako zalantzarik izan izena emateko, oso esperientzia interesgarria iruditu zitzaidalako. Hasieran urduritasuna nabaria zen, baina asteak pasa ahala gero eta seguruago sentitzen naiz, gainera, umeak oso jatorrak dira eta ordu eta erdi hori oso azkar pasatzen da. Bi aste bakarrik gelditzen dira esperientzia hau amaitzeko eta azken egun hori heltzen denean tristura izugarria sentituko dugu.
Bakarkako lanekin amaitzeko Diigo daukagu. Egia esateko nik interneteko tresna hau oso gutxi erabili dut; ez nago ohituta horrelakorik erabiltzera. Onartu behar dut oso tresna baliagarria dela web orrialde, irudi, diapositiba edota bideoak gure artean konpartitzeko eta erabili dudana baino askoz gehiago erabili beharko nuela.
Interneteko tresnekin jarraituz bloga daukagu. Kasu honetan taldeka erabiltzeko sortu genuen; taldeko bakoitzak zerbait interesgarria ikusten bazuen (beti ere hezkuntzarekin lotuta) blogera igo zezakeen, bertan horri buruzko hausnarketa eginez. Hau ere erabiltzen hastea kostatu zait, horrelakorik inoiz erabili nuelako. Baina Diigo ez bezala, bloga gehiago erabili dut, konkretuki motibazioari buruzko mintegia egin ondoren..
Azkenik, aurreko paragrafoaren amaieran aipatu dudan motibazioari buruzko mintegia azalduko dut. Talde bakoitzari gai bat egokitu zitzaigun horri buruzko poster bat egiteko eta ondoren klasekideei azaltzeko; gure kasuan motibazioa izan zen gaia. Niri hasieran beste taldekoekin alderatuta nahiko gai sinplea iruditu zitzaidan; hala ere, horri buruz ikertzen genuen heinean gero eta interesgarriagoa iruditu zitzaidan. Motibazioa hezkuntzaren oinarrietako bat da, haur bat motibatuta baldin badago askoz hobeto ikasi egingo du.
Hau guztia azaldu ondoren, hasieran ikasgai honekiko mesfidantza nuela esan behar dut. Asteak aurrera zihoazen eta ez genuen teoriarik ikusten, oso arraroa zen; klase guztiak praktikoak ziren, ez nuen ulertzen ikasgai honen mamia zein zen. Baina orain argi daukat erabilitako metodologia oso ona dela, konturatu barik gauza asko ikasi ditugu: irakaslearen paperean sartu gara, hausnarketa egiten ikasi dugu, irakasleak inkontzienteki jarrera desberdinak dituztela, hezkuntzaren alde onak eta txarrak ikusi ditugu, interneteko tresna berriak erabiltzen ikasi dugu (niretzat, behintzat, berriak)... Ziur asko ikasgai honetan ikasitako gauzak beste ikasgaietakoak baino hobeto barneratuko ditudala, nire kabuz lortuta izan direlako; irakaslea bideratuta, noski, baina edukia ni lortuta.
No hay comentarios:
Publicar un comentario